
Turismo aktiboa
Naturako jardueren rankingean, Gipuzkoa podiumean dago. Denetako lekuak dauzkazu aukeran: mendia eta itsasoa, basoak eta hondartzak, belardiak, itsaslabarrak, eta baita uharte bat ere.
Duzun zaletasuna duzula, edo sentsazio berriak esperimentatzeko gogoa duzula, Gipuzkoak natura ingurune ezin hobea eskaintzen dizu turismo aktiboa egiteko. Lehorretik, itsasotik edo airetik, zeurea da aukera. Mendi ibiliak egin ditzakezu, btt-a, hipika, golfa, urpekaritza, surfa, edo parapentea hartu eta zure lehen hegaldia egin… Zure betiko zaletasunez gozatu edo jarduera berrietan abiatu. Bakarka, familian edo lagunekin, aukera izango duzu egunero jarduera desberdinak programatzeko, aldi berean natura ingurune ikusgarriak ezagutzen dituzula.
Gipuzkoan, natura, kirola eta abentura elkarrekin doaz.
Mendi ibiliak / bizikleta /multiabentura / traila / pelegrinaje ibilbideak / eskalada / hipika / pilota / golfa / patinajea / aire jarduerak
Oinez, pedalei eraginez, trostan, hegan…
Egunean 40 kilometro egin beharko zenituzke, 103 urtean zehar, Gipuzkoako bide eta bidezidor balizatu guztiak korritzeko. Mota, zailtasun maila, distantzia eta helburu tematiko guztietakoak dauzkazu: tenpluak, sagardoa, gazta, kostaldea, edo, besterik gabe, mendian ibiltzea…
Trekkingerako, korrika egiteko edo bizikletara igotzeko ibilbideak. Bide berdeak, BTT bidezidorrak eta bizikleta ibilbide handiak. Zaldi eta ardi artean ibil zaitezke, Txindoki mendira edo 1.000 metrotik gorako beste 150 tontorretara igo, edo, euria egiten badu, rokodromoan bertan eskalatu. Donejakue bideak egin ditzakezu, kostaldekoa edo barnealdekoa. Eta adarretan ibiltzekoa bazara, badauzkazu arbolen gaineko zirkuituak eta multiabenturan espezializatutako enpresak ere. Tirolinan salto egin. Edo euskal pilotan trebatu. Eta zaldi zalea baldin bazara, hipiken eskaintza ere askotarikoa da. Edo zure ametsak goialdetara joan ohi badira, imajinatu ere ez duzu egiten zer ikusiko duzun parapentean edo delta hegalean abiatzen bazara.
Zuk esan zein diren zure aire libreko zaletasunak, eta Gipuzkoak jarriko dizkizu lekuak. Ez zara hurrengo 103 urteetan aspertuko.
Surfa / paseoak itsasontzian / bela & kayak / urpekaritza
Murgil zaitez!
Gipuzkoa eta Kantauri itsasoa sinonimoak dira ia-ia. Gure lurraldea itsasoarekiko eta bertan itsasoratzen diren sei ibaiekiko sinbiosian bizi izan da beti. Horregatik, ia-ia lehorrean adina aukera duzu uretan turismo aktiboa egiteko.
“Olatua” hitza hizkuntza guztietan entzungo duzu. Donostian eta Zarautzen batez ere, urtero mundu osoko milaka surflari erakartzen dituzte eta. Han ikusiko duzu bainujantzirik ohikoena neoprenoa dela. Gure itsasoa turismo aktiboko modalitateen jatorri agorrezina da: igeriketa, urpekaritza, itsasertzeko kirol arrantza edo itsasontzitik egina... Arraun egitea da bertako zaletasunetako bat. Kayaken ibai inguruak esplora ditzakezu, edo itsasora irten, eguraldiak aukera emanez gero. Proba egin, eta igo zaitez wind surf edo paddle surfeko ohol batera, edo belaontziren batera; proba egin kostaldeko paisaia eta bertako itsas herriak katamaran batetik edo beste turismo-ontzi batzuetatik ikusten. Edo, besterik gabe, Pasaian itsasertz batetik bestera ontziz igarotzen. Itsasoa aktiboki aprobetxa eta bizi ezazu. Zure oroitzapenen gatza, zure oroitzapenen bizia izango da.