
Txotxaren errituala
Bideoa ikusiBisitaldia eta dastatzea sagardotegi batean
Txotxaren errituala ondo jatearen, edatearen eta ehunka urteko tradizio gastronomiko baten esentziaz gozatzearen zeremonia bat da. Gipuzkoako lurraldean sakabanatuta dauden sagardotegietatik edozeinetan bizi dezakezu esperientzia hori eta, zalantzarik gabe, errepikatu nahiko duzu. Lagunekin, bikotekidearekin edo familiarekin, txotx!
Urteko edozein garai da egokia Gipuzkoan zehar banatuta dauden 70 sagardotegietako batean bazkaldu edo afaltzeko esperientzia paregabea bizitzeko. Sagardoa duela hainbat mendetatik egiten da hemen eta sagar-zuku hartzitutik lortzen da, teknika tradizionalak erabiliz. Txotxaren erritualak sagardotegietara eramaten ditu euskaldunak, sasoiko sagardoa edatera botilatu aurretik, eta ohiko menuak jaten dituzte: bakailao-tortilla, idi-txuleta, intxaurrak, gazta eta irasagar-gozokia. Sagardotegi-garaia urtarrila erdialdetik apirila amaierara arte izaten da, baina sagardotegi batzuk urte osoan egoten dira zabalik. Sarritan, sagardoa ekoizten duten baserrietan bertan egoten dira jatetxeak, sagastiz inguratuta.

Esteka interesgarriak
Oraindik ere, sagardotegi askotan zutik jateko ohitura dago, beti berokiak jantzita, upeltegiko hotzetik babesteko. Mahaikideek zuzenean upeletatik hartzen dute sagardoa jantoki ondoko aretoetan; horregatik, jendea etengabe ari da joan-etorrian, eta oso giro ona egon ohi da.
Hernanin eta Astigarragan, Donostiatik hamar kilometro ingurura, 30 sagardotegi baino gehiago daude. Baina sagardoa ez da altxor gastronomiko bat eta bizimodu bat soilik: gure kulturaren parte da. Horregatik, Astigarragan Sagardoetxea dago, sagardoaren museoa. Han, sagardoaren munduari buruzko sekretu guztiak aurkitu eta dastatu ditzakezu. Zentro horretan, bereizitako hiru gune daude: sagastia, zeinetan sagar motak, heltze-mailaren jarraipena eta bilketa egiteko moduak ezagutuko dituzun. Dastatzearen zentroa, txotxaren sekretuak ikasten hasteko paregabea. Eta museoa bera, zeinetan tresnak, jolasak eta argazkiak aurkituko dituzun, sagardoari buruzko erritoak eta ohiturak hobeto ezagutzeko.
Gainera, gehiago jakin nahi duenarentzat, sagardoaren munduaren inguruko plan eta proposamen ugari daude bisitariaren eskura, esaterako, Sagartrekking, Dastatzeak, Bisitaldi Gidatuak eta Uztartzeak, Sagardoa eta Itsasoa, Sagardoaren Ibilbidea, etab. Animatu eta murgildu sagardoaren kulturan, benetako tokiko esperientzia bat da.
Garrantzitsua: kontuan hartu gomendio hauek sagardotegi batera joan aurretik.
- Sagardogileak, txotx! esaten duenean, barrika berri bateko sagardoa probatzera gonbidatzen du.
- Mahaikideak mahaitik altxatzen dira eta edalontzi hutsarekin hurbiltzen dira. Pertsona bakoitzak, iritsiera-ordena errespetatuz, edalontzia okertzen du, zulo txiki batetik presioan irteten den sagardoa edalontzian «apurtzen» den arte, lurrinak askatuz.
- Sagardoaren ñabardurak upel ondoan dastatzen dira eta sentsazioak ingurukoekin partekatzen dira. Gero guztiak mahaira itzultzen dira, edalontzi hutsekin.
- Ekintza hori behin eta berriz errepikatzen da, upel bakoitzeko sagardoa dastatu arte.