
Artea eta kultura
Gure izaera
Gipuzkoan oso kultur adierazpen desberdinak bizi dira elkarrekin. Adierazpen horiek, tradiziotik izan edo abangoardiatik izan, gauza bera esaten digute: garrantzitsuena zera da, aberastasun partekatu horretan, sortze ahalegin horietan, elkarrekin bat egitea eta elkar ezagutzea.
Hemen, Europa osoan mende gehien dituen kulturetako batean murgiltzen zara. Hori ez da, baina, gure meritua. Urrunetik dator. Kontinentean bizirik dagoen hizkuntza zaharrena dugu ezaugarri, ohitura berezi batzuekin batera. Arkeologiako aztarnen edo labar pinturen bitartez ezagut gaitzakezu, gure festa, tradizio eta kirolen, gure historia eta gure oraina erakusten dugun museoen, edo nazioartean izena irabazia duten abangoardia artistikoen bidez.
Tradizionala eta identifikatzailea egungoarekin eta bere garaiari aurrea hartu dionarekin bizi da, mota guztietako sormenezko adierazpenetan. Gipuzkoa, bere aniztasunean, kultura paregabe eta bizia da, txoko guzti-guztietan bere ukituarekin blaituko zaituena. Aberastasun berezia, eta zurekin partekatu nahi dugu.
Museoak
Gu ezagutzeko hamaika modu
Gipuzkoan era guztietako museoak dauzkagu. Begiratzeko museoak dauzkazu, eta sentitzekoak, ikasteko eta dibertitzekoak, gogoratzeko eta irudikatzekoak. Eta baita, noski, dastatzekoak ere.
Batzuek izen propioa dute, Chillida Lekuk esaterako, jeinuzko artista handiaren obra biltzen duen eskultura-baso bat baita. Edo Cristóbal Balenciaga Museoak, Getarian sortu zen jostunari eskainiak. Museoek jorratzen dituzten arloetako askok pasio handiak pizten dituzte; horixe da, adibidez, lurrunezko lokomotor batek propultsatutako zurezko bagoi zahar batean egiteko bidaia ere eskaintzen duen Trenaren Museoaren kasua. Edo edozein adinetako ilusioentzako egokia den Tolosako Txotxongilo Zentroarena.
San Telmo Museoak 120 urteko historia du jada, baina egungo gizartearen gaineko begirada kritiko eta sortzailea ere eskaintzen digu. Karlismoak XIX. mendeko Gipuzkoako bizitzan izan zuen eragina Zumalakarregi Museoan aurkituko duzu, eta erromatarrena, berriz, Irungo Oiasso Museoan. Ez galdu aukera, Pasai San Pedroko Albaolako ontziolan ikusteko nola egiten zituzten antzinako baleontziak eta bestelako arrantza-ontzi batzuk. Burdinak berak ere badu bere museo tematikoa. Eta sagardoak. Eta Idiazabal gaztak. Familia osoarentzako eta gustu guztietarako aukerak. Ezinezkoa da aspertzea.
Tenpluak
Herri bakoitzaren arima
Garai batean, iraganean, ez zen giro gure lurraldean, bando gerrak han-hemenka, erresumen arteko liskarrekin batera. Halako batean, baina, horiek guztiak baretu, eta orduan iritsi zen gure eliza eta ermiten eraikuntzaren loraldia.
Garai eta estilo desberdinen laburpen bat egin daiteke, erromaniko berantiarreko Antioko ermitarekin hasiz Zumarragan (Ermiten Katedrala esaten diote), Loiolako San Ignazioren basilika barrokoarekin segituz, harro erakusten baitu beste erlijio adierazpenen artean goreneko lekua ematen dion kupula bikaina, eta bisitaren erremate Oñatiko Arantzazuko Santutegiko abangoardiaz gozatuz, han, 50eko urteetan, izen handiko artista askok egin baitzuten bat, Oteizak, Chillidak, Basterretxeak edo Saenz de Oizak kasu, Arteen gure selekzio nazionaleko talde titularra osatuz nolabait.
Baina, Gipuzkoa osoan dira erlijio arkitekturako erakusgarri aipagarriak. Ermita zirkularrak (Erdoizta), Moneoren sinadura daramaten arkitektura minimalistak (Iesu, Donostian), edo kostaldeko tenplu gotikoetan zeharreko ibilbide liluragarria, Santa Maria baitaukagu Deban, San Salbador Getarian, edo San Bizente Donostian. Sartu eta piztu zure kandela. Haien handitasuna argituko dizu.
Monumentu eta eskulturak
Harria eta burdina
Oso luzea da Gipuzkoako herrien artean aire libreko museo itzela bihurtu direnen zerrenda. Historia eta Abangoardia segida batean doaz, edo bata bestearen gainean ageri zaizkigu, mendeetan zehar euskal artistek laga dizkiguten sormenezko adierazpenez gozatu ahal izan dezagun.
Tolosak edo Donostiak, esaterako, ibilbide eskultoriko liluragarria eskaintzen digute, bere kale eta talaietan, eskultura-arte garaikidea berritu zuen euskal artisten (Oteiza, Chillida, Mendiburu, Basterretxea, Ugarte) belaunaldi hartan zehar; eta, gainera, ibilbidea etengabe eguneratzen da, besteak beste Dora Salazar edo Cristina Iglesiasen obren bitartez.
Zure paseoetan, ordea, abangoardia baino gehiago aurkituko duzu. Alde zaharrek, adibidez Oñati, Segura, Hernani edo Hondarribikoek, jauregiak, gotorlekuak, Erdi Aroko nekropoliak edo errenazimentuko unibertsitateak eskainiko dizkizute txoko bakoitzean.
Eta dena hurbil daukazu. Historiak eta arteak emozio sorta trinko eta jori batean bat egiten duten lurralde batean zaude.