Bost helmuga, lurralde bakarra
Azalerari dagokionez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko eta Espainiako lurralde historiko txikiena da Gipuzkoa. Bizkaiko Golkoan dago, ardatz atlantikoan; hurbileko mendietan sortzen diren sei ibai nagusik (Bidasoak, Oiartzunek, Urumeak, Oriak, Urolak eta Debak) egituratzen dute 2.000 kilometro koadroko lurraldea.
Donostia-San Sebastián da hiriburua, baita Gipuzkoara hurbiltzen den edonoren ezbairik gabeko hitzorduetako bat ere. Maria Kristina erreginak Kontxako badiarekin maitemindu eta udaldiko Gortea hirira ekarri zuenetik, bisitari asko harrapatu izan ditu itsasertzean mendi txikiak, hondartza atseginak, eraikin dotoreak eta oinez edo bizikletaz egin daitezkeen paseo luzeak bateratzen dituen giza-tamainako hiri eder eta orekatu honen xarmak. Alde Zaharreko animazioak, kultur jarduera ugariek eta Eduardo Chillidaren mailako sortzaileek utzi duten arrastoak behin eta berriz itzultzera gonbidatzen duen toki bilakatu dute Donostia-San Sebastián.
Hala eta guztiz ere, gipuzkoarren laurdena baino ez da hiriburuan bizi. Geroz eta gehiagoren ustez, probintzia baino hiri barreiatua da Gipuzkoa. Hala ere, berezko nortasuna dute lurraldeko eskualdeek; bisitariak, berriz, arrazoi franko Gipuzkoako herri askotara hurbiltzeko. 86 kilometro luze da higadurak eragindako itsaslabarrak, hondartza garbiak eta tradizio handiko arrantza-portuak txandatzen dituen kostaldea. Zumaiako museoak, Getariako erretegiak, Zarauzko hondartza zabala edota Hondarribiko Erdi Aroko kaleak Gipuzkoa Kosta izenarekin ezagutzen dugun eskualdearen proposamen erakargarri gutxi batzuk baino ez dira.