
Sastarraingo harana
Sastarraingo harana izen bereko errekaren ondoan luzatzen da, bainuetxe herri dugun Zestoatik Izarraizko mendigune ikusgarriaren oinarriraino.
Urola ibaiaren gaineko zubia gurutzatu, eta oso paseo samurrean abiatuko gara; horretan zehar, turismorako zenbait interesgune topatuko ditugu: lehenik Lili jauregia, aurreraxeago Ekainberri (Ekaingo kobazuloaren erreplika) eta hurrena Ekaingo kobazuloa, Gizadiaren Ondarea dena bera. Hortik aurrera, ibilaldia luzatu nahi duenak edertasun eta interes handi-handiko aukerak izango ditu, Gipuzkoako naturaren altxor batzuk disfrutatzeko.