Atzealdea

Urola aldeko bira: estresari eta errutinari adio esateko road tripa

Urola aldeko bira: estresari eta errutinari adio esateko road tripa

Urola aldeko bira: estresari eta errutinari adio esateko road tripa

Jarri martxan zure autoa eta prestatu Gipuzkoako barnealdeko txoko politenak ezagutzeko.

Ostirala Azpeitia edo Azkoitia? Murgildu herriok eskaintzen duten kale giroan.

Ostiral arratsaldez, ez galdu bi herriotako edozeinetan izaten den txikiteoa. Bost minutu baino ez dira behar autoz batetik bestera iristeko, eta biek ala biek ere badute zer ikusi franko. Izarraitz mendi karstiko izugarriak babesturik daude bi herriak, eta harexek ematen die izena ere: Haitz goitia (mendiz goitik) eta haitz beitia (mendiz azpitik). Azpeitiko tokirik interesgarrienen artean ageri dira, konparazio batera, Basazabal jauregia –hantxe dago turismo bulegoa–, eta, handik berehalaxe, Burdinbidearen Euskal Museoa, zeinak ibilbide zoragarri bat eskaintzen baitu lurrun tren batean, Urola ibaiaren albotik. Azkoitia aldean, berriz, nahitaez bisitatu beharrekoak dituzu Oteizaren frontoiak. Euskal eskulturagilearen obra bikaina da: pilotaleku tradizionalak oinarri harturik altxaturiko multzo arkitektonikoa. Bi udalerriok aproposak dira ostatua topatzeko, lo egin eta hurrengo goizean bidaiarekin jarraitzeko prest altxatzeko.

Larunbata

Prest al gaude Gipuzkoan barrena gure road tripari ekiteko? Errepide estu eta bihurgunetsuetatik barrena ibiliko gara. Eta, gora eta behera gabiltzala, begiraleku zoragarriak topatuko ditugu, abegi handiz hartuko gaituzten paraje autentikoak miresteko. Beti geure martxan, nahi eta behar dugun tokian geratuz, paisaiaz eta patxadaz gozatuz. Ihesbide paregabea eguneroko martxa estresagarriari agur esateko. Baina, lehenik eta behin, Loiolako San Ignazio basilikara gonbidatuko zaituztegu. Tenpluaren barrualdea ez ezik, egundoko oparia dira inguruko lorategiak eta paisaia ere; bakea transmititzen dute eta munduarekin adiskidetzen. Orain bai. Ipini puntuan ibilgailua, abenturari ekin behar diogu eta! Lehendabiziko geltokia: Beizama. Paradisu berdera iritsi gara: Illaun mendiaren magaletan, bazterrak berde ageri dira. Eta, buelta guztian, gaztandegiak, txakolindegiak eta ostatu ekologiko bat ere bai! Hori guztia 166 biztanleko udalerri batean kontzentraturik. Inguru hau Gipuzkoako erdigune geografiko izendatu dute. Hurrengo geltokia: Bidania-Goiatz. Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerririk garaiena da; 500 metrora baino gehiagora dago. Baserriak, basoak eta mendiak ditu buelta osoan. Guztien artetik, Ernio mendia nabarmentzen da (1.075 m), mendizale ugarik igotzen duten tontorra. Arnastu bi gune txikiz osaturiko udalerri honetan sumatzen den patxada; bietan ere ederki asko asmatu dute landa giroko Gipuzkoaren esentzia gordetzen. Hurrengo geltokia: Errezil-Erdoizta. Honezkero gosetzen hasita egongo gara, eta toki ederrean gabiltza mokadutxo goxo bat egiteko, izan Errezil erdigunean, izan auzoren batean. Mahaiburukoaren ondoren, Erdoizta gainera igo gaitezke; patxadaz joan behar da, bide osoan bezala. Batzuetan irudituko zaigu galduta gabiltzala, beste mundu batean bakarrik bageunde bezala, inortxo ere ageri ez dela. Baina, bat-batean, beste kotxe bat! Kontuz gurutzatu behar da... Iritsi ostean, San Isidro ermitarekin topo egingo dugu. XIX. mendearen hasieran eraikia da, nekazarien patroiaren omenez. Handik, Aizarnara eramango gaituen errepideari helduko diogu. Baina, aurretik, nahitaez egin beharreko beste geldialdi bat.

Larunbata Santa Engrazi ermita

Bidegurutze bat hartu behar dugu eskuinetara, eta baserri baten aurrean utzi autoa. Hamar bat minutu egin behar dira oinez harrizko bidetxo batetik barrena, eta ermitari izena ematen dion gainean amaituko dugu. Ermita horrek berebiziko xarma dauka, baina, eraikinaren kanpoaldean, ikuspegiak berak utziko gaitu ahoa bete hortz. 510 metroko garaieran, Pagoeta parke naturalaren erdi-erdian, Izarraitz, Ernio eta kostaldea ikus daitezke, baita itsasoa bera ere. Road trip honen ondoren, atsedena eskatuko digu gorputzak, eta, horretarako, onen-onena dugu ingurumari hauetako landetxeren batean gaua igarotzea. Distantziak ez dira luzeak; beraz, Errezilen, Aizarnan edo Aizarnazabalen erraz topatuko dugu ostatua, mendi artean ederki merezitako atsedena hartzeko.

Igandea Paisaia gehiago, aurrehistoria eta Lili jauregia

Zestoan bisita konbinatua dugun zain: Ekainberri eta Lili jauregia. Egundoko gozamena! Igaro goiz bat Ekainberrin. Gizateriaren Ondare deklaratutako eta labar artez apaindutako leizeen erreplika bat da. Eta Lili jauregian, berriz, antzeztutako bisita bat egin dezakezu Andre Madalenen eskutik, lilitarren azken kidea bera. Ikusitako guztia pausatzeko eta berriro indarrak hartzeko, Zestoan edo Zumaian jatetxe ugari ditugu aukeran. Eta, asteburu ahaztezin bat biribiltzeko, Itzurungo hondartzara arrimatuko gara, flyschek sortutako paisaia mirestera. Itsasbehera tokatzen bazaigu eta ilunabar dotorea egokituz gero, ikuskizun paregabea da.