Atzealdea

Zoragarria eta ezezaguna, Euskadiren esentzia

Zoragarria eta ezezaguna, Euskadiren esentzia

Zoragarria eta ezezaguna, Euskadiren esentzia

Zatoz Debabarrenera eta sartu gure lurraldearen purutasunean. Asteburu bakarrean, natura, delicatessen gastronomia, abentura eta atsedena uztartuko dituzu edertasunez eta historiaz betetako eskualde honetan.

Ostiral arratsaldea Ongi etorri Euskal Kostaldeko Geoparkera!

Autobidetik irtenda, Itziarretik barrena, bi begiratoki ikusgarri dituzu, Itziarkoa eta La Hilandera izenekoa. Gerturatu itsas haizea sentitzera, kostaldea aurrez aurre duzula. Eskuinetan, Gipuzkoako kostaldea. Ezkerretan, berriz, Bizkaikoa. Ikusgarria. Kantauri itsasoaren gaineko balkoi pribilegiatu horietatik, Hendaiaraino iristen da bista garbi dagoen egunetan, eta, Bizkaia alderantz begiratuta, Bilboko portuko sarreraraino. Gaua igarotzeko, izango duzu aukerarik Debako landa-auzoetan: Itziar, Elorriaga, Itxaspe, Mardari... Era guztietako ostatuak: landetxeak, apartamentuak, kanpinak, hotelak, aterpetxeak... Etxean bezalaxe sentituko zara haietako edozeinetan, natura bete-betean, Euskal Kostaldeko Geoparkeko paraje berezi honetan. Landaguneetan, jatetxeak, erretegiak eta sagardotegiak topatuko dituzu han-hemenka, zein baino zein paisaia ederragoetan. Haietako batean egin dezakezu afari legea. Eta, nahi izanez gero, Deba herrigunera ere joan zaitezke, herritarren artean nahastu eta poteo animatu batean aritzera: bertako lagun taldeek egin ohi duten moduan, taberna tradizional batetik bestera, trago batzuk hartu eta pintxo goxo askoak jatera.

Larunbata Mendaroko txokolateak, delicatessen ederrak!

Goiz partean, sartu eskualde honetako barrualdean. Debatik berehalaxe iritsiko zara Mendarora. Gomendatzen dizugu Mendaroko txokolate dendan geldialditxo bat egitea. Familia enpresa txiki honek artisau txokolatea egiten du 1850etik. Dendan, espezialitateak dastatu eta erosi ahalko dituzu, baita Euskadiko kakao errotarik zaharrena miretsi ere. Baina, gogoan izan: goiz samar ibili beharko duzu eguna aprobetxatzeko. 10:30ean atean. Merezi du telefonoz edo emailez errotara bisitatxo bat eskatzea, 20 minutu inguru irauten du.

Larunbata Soraluze. Trikuharrien aztarnak edo Vasco-Navarro trenbideko bide berdea Aukeran!

Deba ibaian gora joanda, Elgoibar utziko duzu ezkerretan. Pare horretan, dagoeneko ikusiko duzu Karakate mendiaren tontor itzela. Haraxe joatea proposatzen dizugu, Euskadi osoko begiralekurik onenetako bat topatuko baituzu: kostalde osoa izango duzu begien aurrean, Hendaiatik Bilboraino, baita barrualdera ere, Arabako mendietaraino. Horretaz gainera, handik abiatzen da Trikuharrien Ibilbidea. Karakate-Agirreburu mendilerroan 11 kilometro luze igarotzen dituen bidea, Elosua-Plazentzia estazio megalitikoko trikuharrien eta tumuluen artetik. Familia giroan bizikletaz egiteko aukera baten bila bazabiltza, berriz, Soraluzetik irteten da historia handiko beste bide bat ere: garai bateko Vasco-Navarro trenbidearen trazaduratik barrena igarotzen den bide berdea. Ordubete inguru behar da Bergarara joan eta etorri bizikletaz egiteko, eta aurrerago ere jarraitu liteke, Antzuola, Arrasate, Oñati... Segun eta zer indarrekin zabiltzan, edo zer-nolako eguraldia den. Soraluzen erraz aparkatzen da autoa, garai bateko kanoi fabrikaren alboan, edo bide berdea hasten den bidean bertan. Horretaz gainera, hainbat taberna eta jatetxe ditu herrigunean mokadutxo bat egiteko, baita biderako janaria erosteko ere.

Larunbata Arratsaldean... Mutriku, euskaldunen itsasoko atalaia

Arratsaldean, kostaldera bueltatuko gara atzera, Mutrikura. Bertan, gomendatzen dizugu elizaren atzealdeko aparkaleku publikoan uztea autoa. Handik abiatuta, Mutrikuko herrigune historikoarekin has dezakezu bisita, zeina monumentu multzo izendatua baita. Joan zaitez turismo bulegora: bisita gidatuak antolatzen dituzte, herrigunea eta Nautilus ezagutzeko. Joan Atxukale begiratokira portua mirestera eta herri zoragarri honetako itsas giroan murgiltzera. Iluntze alderako, paseo ikusgarri bat proposatzen dizugu: Mutrikutik Debaraino, errepidearen ondotik. Arbeko begiralekutik, flysch beltzaren itsasertza miretsi ahalko duzu. Eguna amaitzeko, arrain fresko paregabea afaldu dezakezu inguru honetako edozein jatetxetan. Eta lotarako, berriz, makina bat hotel xarmagarri topatuko duzu itsasora begira, baita landetxeak ere, mendi berde-berdeen artean.

Igandea Deba: hondartzak, natura eta milaka urteko sekretuak

Hainbat tokitan utz dezakezu autoa: hondartza ondoan, tren geltokian, ibai ondoan edo Artzabal auzoan. Kostaldeko herri polit eta bizi honek hainbat aukera eskaintzen dizkigu ibilaldi eta paseo atseginak egiteko.

Abenturazaleentzat, Santa Katalina ermitara doan bidezidorra: Euskal Kostaldeko Geoparkearen gaineko aparteko begiralekua izateaz gainera, Debaren iraganari buruzko istorioak ere baditu. Nahiko bide malkartsua da; beraz, oinetako egokiekin joan behar da.

Erlaxatzeko, berriz, bi hondartzen artean ibil zaitezke tipi-tapa oinez: Santiago eta Lapari. Flysch beltza duzu bertan miresteko. Ibaiari jarraituz, Casacampoko padurara iritsiko zara: toki ederretan ederra, aberastasun handiko ekosistema biltzen duen parajea.

Eguzkiak berotzen badu, bisitatu Debako herrigune historikoa. Kale estuetan barrena, Santa Maria eliza aurkituko duzu, euskal gotikoaren egiazko bitxia. Joan turismo bulegora: bisita gidatuak antolatzen dituzte. Debako herrigune historikoa toki apartekoa da mokadutxo bat egiteko edo pintxoren bat jateko, baita giroaz gozatzeko ere, aglomerazioetatik urrunduz.