Atzealdea

Sagardoaren lurra eta Chillida Lekuren magia

Sagardoaren lurra eta Chillida Lekuren magia

Sagardoaren lurra eta Chillida Lekuren magia

Donostialdean sortzen da sagardoa eta haren liturgia. Baina hori baino askoz ere gehiago da. Ezin ditugu ahaztu Galarreta pilotalekuaren bisita ahaztezina, Harria Hitz herri-ibilaldia eta, nola ez, artista paregabeak Chillida Lekun utziriko magia.

Ostirala Txotxaren errituala

Une paregabea da txotx esperientzian murgiltzeko, Astigarragako Petritegi sagardotegira joanda. Sagardozaleen errituala ezagutuko dugu. Nabarmentzekoa da sagardotegietako liturgia berezia; dastatze komertzial haren oroitzapenak dira, mokadutxoa bera eta salmentaren inguruko guztia. Atseden hartzeko, eskaintza zabala eta askotarikoa topatuko duzu: landetxeak, apartamentuak, pentsioak, aterpetxeak, xarma handiko hotelak... Hori guztia, Donostiatik 10 minutu eskasera kokaturiko paradisu honetan.

Larunbata Sagardoaren eta Idiazabal gaztaren sekretuak

Bisitari ekiteko, Sagardoetxea bisita dezakegu, Astigarragako Euskal Sagardoaren Museoa, herri baten historia eta usadioak sentitzeko tokia. Hango jendearen kultura ezagutuko dugu, naturarekin harremanetan, baita sagardoa ere, mende luzeetako tradizioa Donostialdean. Sagastien oinetan, museo espazioa topatuko dugu: zentro horretako baliabide eta teknologien bidez, sagardoaren historiari eta prestaketari buruzko jardueretan aritu ahalko gara interakzioan. Hala, sagarraren eta sagardoaren munduaren iragan, orain eta etorkizun zirraragarria erakutsiko digute, Euskal Herriko kulturan duen garrantzia nabarmenduz. Egin liteke ibilalditxo bat sagastietan barrena ere, eta sagardo fresko-freskoa dastatzen amaitu. Gaztak eta biek zapore autentikoko uztartzea eskaintzen dute. Urnietako Adarrazpi gaztandegira egindako bisitan, egiazko artzainen esperientzia biziko duzu, eta euskal gastronomiako bi produktu izar dastatuko dituzu: sagardoa eta euskal gazta nagusia, Idiazabal gazta, alegia. Adarra mendi dotorearen hegaletan dagoen baserri honetan, gazta egiteko sekretu guztiak ezagutuko dituzu. Hain zuzen ere, sortzeko prozesu guztia bisitatu ahalko duzue. Horretaz gainera, artzainak eta Argi txakurrak nola lan egiten duten, ardiak nola jezten dituzten edo artaldea nola elikatzen duten ere ikusiko duzue. Bisita gidatuaren ondoren, dastatzeko menu zoragarri bat eskainiko dizuete: xigorki bat Idiazabal gaztarekin, entsalada eta esne arkumea labean, guztia ere sagardoarekin lagunduta. Eta postrean, mamia eta etxeko Adarrazpi gazta. Denda txiki bat ere badute, produktu tipikoak erosteko. Bizarrak koipetzekoa!

 

Larunbata Eta, arratsalde partean, jai-alai ikuskizuna edo mendi buelta.

Mendia nahiago dutenentzat, joan liteke Adarramendi aldera, hango parajeak, iruinarriak eta cromlechak ikustera. Adarrazpi gaztandegitik bertatik, aldapan gora igo daiteke (baliteke nahiko malkartsua iruditzea; bi orduz, gutxi gorabehera). Ondo seinaleztatuta dago. Eteneta eta Muniskue trikuharriak eta cromlechak ikusteaz gainera, ikuspegi ederrak gozatuko ditugu bidean: Donostia, Jaizkibel, Ernio eta Nafarroa aldeko mendiak. Geure-geurea dugun tradizioa ezagutu nahi dutenek pilotazaleen giroa dute aukeran: erremontearen katedrala, Hernaniko Galarreta Jai-Alai pilotalekua, alegia. Endika Barrenetxea pilotari profesionalak gidaturik, Galarreta pilotalekuaren eta erremonte diziplinaren historia ezagutu ahal izango dugu: arauak, artisau materialak (pilotak eta saskiak, eskuz eginak), apustuen mundua, eta saio praktiko bat kantxan bertan pilotari profesionalarekin, zesta eta pilota hartuta. Pilotalekuko bisitaldia amaitzeko, proposatzen dizugu frontoian bertan kokatutako jatetxe eta erretegian afaltzea, edo Hernanik edozein taberna edo jatetxetan: bertako produktuak, sasoikoak eta kalitate handikoak izaten dituzte beti.

Igandea Ezagutu euskal kultura garaikidea Eduardo Chillida eta beste hainbat euskal artistaren bidez

Igandeari ekiteko, ibilaldi bat egingo dugu Usurbilen Harria Hitz bidetik barrena. Ibilbide kultural inklusiboa eta irisgarria da, eta udalerriko herrigunean kokatutako elementuak lotzen ditu, telefono mugikorretarako aplikazio baten bidez. Harria Hitz hiri-ibilaldi gisa planteatuta dago, eta haren helburua da ezagutaraztea Usurbilek zer egiteko izan duen euskal kultura garaikidearen susperraldian. Hala, Zumeta, Tapia, Mikel Laboa, Udarregi, Eduardo Chillida bera eta tankerako beste hainbat artista garaikide izango dira hizpide; guztiek ere euskal artearen konstelazio garrantzitsu eta berritzaileenaren parte izan ziren. Horren ostean, Hernani aldera joko dugu. Chillidaren unibertsoan murgilduko gara, Eduardo Chillidak ametsa egia bilakatu zuen tokira, alegia. Eskultura espazio bat da berez: inguru horrek ederki jasotzen du zer ikuspegi zuen artistak formari, espazioari eta denbora metatuari buruz. Chillida Leku aire zabaleko museo bat da, barruti osoa artelan bat balitz bezala osatua. Eremu horretan, modu naturalean gertatzen da artearen eta naturaren arteko fusioa, eta eskulturak txertaturik ageri dira paisaian, beti ingurumari hartako parte izan balira bezala. Lorategian, altzairuzko eta granitozko berrogei eskultura monumentalekin baino gehiagorekin batera ageri dira pagoak, haritzak eta magnoliak. Multzo osoa erabateko elkarrizketan antolaturik dago, Zabalaga baserriaren inguruetan. Orotara 11 hektarea dira, toki ederra ibilalditxo atsegin askoa egiteko. Agur esateko, zer hoberik otordu on bat eta mahaiburuko pausatu bat baino. Inguru hauetan, nahi beste sagardotegi eta erretegi dituzu, sukaldaritza soila baina primerakoa duten jatetxeak, baina baita hiru Michelin izarren jabeak ere. On egin!