Atzealdea

Pasaiako badia enblematikoa eta Euskal Herriaren esentzia

Pasaiako badia enblematikoa eta Euskal Herriaren esentzia

Pasaiako badia enblematikoa eta Euskal Herriaren esentzia

Pasaiako badiatik abiatuta, Oarsoaldeak hamaikatxo proposamen ipintzen dizkigu aukeran. Eta, askotariko aukera horien bidez, eskualde berezi-berezi batean murgilduko gara. Behin eta berriz bueltatu nahiko dugu.

Ostirala

Ostiralez iristen bazara, ziurrenik amorratzen egongo zara eskualde honekin konektatzeko. Donostiatik berehalaxe dago, kostaldearen eta itsasoaren artean. Errenterian, Lezon, Oiartzunen eta Pasaian era guztietako ostatuak topatuko dituzu: hiriko hotel modernoak edo natura bete-betean kokaturiko landetxe tradizionalak aukeran. Atseden hartu nahi baduzu, bikain. Eta, bestela, eskualde honetako lau herrietan ere giro bixi-bixia topatuko duzu ostiral afalaurrean.

Larunbata Pasaia, euskal fiordoa

Pasaian ekingo diogu gure ibilbideari. Arrantzale herri autentikoa dugu, bakarra euskal kostalde osoan. Garraio publikoz eta pribatuz irits gaitezke Pasaiara, baina mendiz mendi ere bai Donostiatik, Ulian barrena (8 km), edo Jaizkibel menditik (21 km) Hondarribitik abiatuta. Pasaiak bi herrigune historiko ditu: Pasai Donibane eta Pasai San Pedro. Biek ere harri zolaz eginiko kale bakarra daukate, historia handiko eraikinez beterik, Pasaiako badia enblematikoa aurrez aurre dutela. Garai batean baleazaleen portu eta ontzigintzako zentro izan zen, eta gaur egun Gipuzkoako merkataritza portu garrantzitsuena da. Pasai Donibane eta Pasai San Pedro bata bestearen aurrean daude, badiako urek bereizita. Ontzi txiki batek lotzen ditu (motor bidezkoa), zeina etengabe ibiltzen baita joan eta etorri, garraio publiko gisa. Pasaiak eskaintzen duen itsas giroan murgiltzeko modurik onena San Pedro eta Donibaneko herrigune historikoetan tipi-tapa ibiltzea da. Eta, bertakoek egiten duten moduan, badia muturreraino joatea oinez. Baina, horretaz gainera, badira ezinbestean egin beharreko beste hainbat gauza ere. Hasteko eta behin, Albaola Euskal Itsas Faktoria, erribera arotzeriaren tradizioa berreskuratzeko museoa. Gaur egun, XVI. mendeko balea ontzi baten erreplika berreraikitzen ari dira jendaurrean: San Juan ontzi bikaina, alegia. Ikustekoa da, era berean, Mater itsasontzi ekoaktiboa, Euskadin zurez eginiko azken atun ontzia; bisita gidatu baten bidez, arrantza teknikak eta gure arrantzaleen bizitzarekin loturiko guztia ezagutu ahalko duzu. Azkenean, ezin zara joan bertako gastronomia probatu gabe: arrain eta itsaski parrilak dira espezialitatea. Aukera zabala da, eta badiaren gaineko ikuspegia, berriz, sekulakoa.

Larunbata Errenteria, Euskal Herriko Manchester txikia

Errenteria aldera joan behar dugu. Erdi Aroko trazadura gordetzen duen herrigune historiko zabal bat du, Interes Kulturaleko Ondasun izendatua. Euskal Herriko Manchester txikia deitu izan diote, iragan industriala dela eta. Gaur egun, bizitza kultural eta komertzial bizi-bizia ditu. Gomendatzen dizugu herrigune historikoa osatzen duten zazpi kaleak zeharkatzea, baita inguruetan ibiltzea ere. Hamaikatxo denda, pintxo tabernak eta askotariko eskaintza gastronomikoa topatuko dituzu, baita gustu guztietarako jatetxeak ere. Horretaz gainera, ez galdu Jantziaren Zentroa, Errenteriako herriguneko eraikin historiko batean kokatua (Kapitain-etxean): euskal jantzien eta mundu zabaleko jantzigintzaren historia azaltzen duen bilduma zabal bat eskaintzen du. Ezagutzekoa da, halaber, San Markos gotorlekua; garai batean militarrek baliatua, egun eskualdearen gaineko begiratoki nagusia da. Museo bat ere biltzen du, gotorlekuko pasadizoetan murgildu nahi baduzu.

Igandea

Oiartzun, euskal erro autentikoak biltzen dituen udalerria, haran berde-berde izugarri batean dago. Egundoko aberastasun geologikoa duen Aiako Harriak ematen dio izena parke naturalari –granitozko mendi ikusgarria–. Oiartzunek hainbat eta hainbat aukera eskaintzen ditu mendi ibiliak egiteko: parke naturalak homologatutako bidea, monumentu megalitikoak eta abar. Hainbat auzotan barreiaturiko herria da, baina badu herrigune historikoa ere, Elizalde. Bertan, garrantzi arkitektoniko handiko eraikinak ditugu, hala nola Lartaungo San Esteban eliza. Horretaz gainera, eskaintza gastronomiko zabala du, batez ere sukaldaritza tradizionalean oinarritua, bai herrigunean, bai landagunean. Bisitatu beharrekoak dira Arditurriko meategiak, erromatarren garaitik ustiatuak; hainbat garaitako hondarren berri izango duzu. Bide berdean barrena ere ibili ahal izango zara, garai bateko meategiko trenak egiten zuen trazaduraren gainean; egun, bizikleta eta oinezkoentzat gaituta dago.

Igandea Lezo, eta gizakiak itsasoari egindako eskaintzak

Gure ibilbidean aurrera egin eta Lezora joko dugu. Oinez iritsi ahalko gara Donibanetik (1,5 km) edo autobusez, bestela. Historia osoan itsasoarekin lotuta egon den udalerria dugu. Toki paregabea da oso ondo zaindutako herrigune historiko polit askoan ibiltzeko. Eta, oraindik bazkaldu gabe egonez gero, hainbat jatetxe ditugu aukeran, zerbait hartzeko. Amaitzeko, Santo Kristoaren basilika bisita daiteke. Europa osoko hiru kristo bizargabeetako bat da. Bide batez, egunero egoten da irekita.