1917ko otsaila eta martxoa bitartean, Balenciagak Donostiako Bergara kalean lehen denda ireki zuen. Handik sei urtera, ordea, Hiribideko 2. zenbakiko lokal enblematikoan instalatu zen. Bost hamarkadaz baino gehiagoz egon zen han. 1937an estreinatu zuen Pariseko establezimendua. Bi urteurren horoiek oinarritzat hartuta, Cristobal Balenciaga Museoak “Collecting elegance, Rachel L. Mellon´s legacy” erakusketa aurkeztu du. Erakusketa horretan, M. Hubert de Givenchyren zuzendaritzapean, Mrs. Mellon-en, Balenciaga etxeko bezero onenetako baten, diseinuen bilduma jaso dute. Ia ehun lan, osagarri eta dokumentazio zabala jasotzen ditu erakusketak. Gainera, Londreseko Victoria&Albert Museum museoko eta Balenciagaren Pariseko artxiboetako funtsak ere bilduko ditu. Erakusketa 2018ko otsailera arte egongo da ikusgai eta programa osatzeko, honako hauek antolatu dituzte: Masterclassa, tailerrak, EHUko udako ikastaroa, musikaprogramak eta bisita bereziak.